Arrasateko Udalak balorazio positiboa egin du San Juan jaien inguruan: “bizirik dagoen herria sentitu dugu”

2024/06/27
Card image cap
Gazte Olinpiadak
“Ezberdinen arteko elkarlanari esker izan dira posible San Juan jaiak. Kultur eragile, herritar eta udal langileei gure eskerrik beroenak”.

Arrasateko Udalak San Juan jaien lehen balorazioa egin du: “Behin-behineko lehen balorazio positiboa egiten dugu udal gobernutik. Arrasatearrak, orokorrean, kalera atera dira jai giroaz gozatzera eta pozgarria izan da herriko kaleak bizitasun eta alaitasunez gainezka ikustea”.

Udal ordezkariek emaitza horren jatorriari egin diote erreferentzia, izan ere, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan bada jai giroan, “emaitza hau eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker izan da. Askorentzat urte osoko lanak suposatu duen emaitza bikaina” adierazi dute.

Ekimen jendetsuenen artean egon dira Txosnaguneko zein Monterroneko kontzertuak, Errementari dantza, Gazte Olinpiadak, puzgarriak eta haurrentzako programazioa.

Eguraldia aurten nahasia izan da, eta ez du larregi lagundu. Izan ere, euriagatik Kantu Afaria eta Dragoi Jana Uarkapen egin behar izan ziren, eta errekortadoreen erakustaldia bertan behera utzi behar izan zen zezen plazako egoera txarragatik. “Eguraldi nahasiaren aurrean herritarrak kalera atera dira jaiez gozatzera, eta horrek arrasatearron motibazio eta konpromisoa erakusten du”.

Berrikuntzekin pozik

San Juan jaietan aurten hainbat berrikuntza izan dira, eta horien balorazio positiboa nabarmendu du udalak. Ekintza berri nabarmen eta jendetsuena Gazte Olinpiadak izan dira. Udal gobernuko ordezkariek aipamen berezia egin gura izan diote 700 gazte inguru bildu zituen ekimenari: “entzun izan ohi dugun mezuen kontrara, honek gazteen konpromisoa eta elkarlanerako gaitasun eta potentzialitatea erakusten du. Zorionak gazte guztiei!“.

Arrakastatsua izan da ere Errementari dantza zuzenean ikusteko Monterron Jauregi kanpoan jarritako bigarren pantaila erraldoia. “Jendetza bildu zen 23 ilunkaran zuzeneko emisioa ikusi eta bizitzeko. Herritar askok Errementari dantza dantzatzeko iniziatiba hartu, eta giro bikaina jarri zuten. Dena ondo bidean, datorren urterako mantentzeko apustua egingo dugu”.

“Monterron kanpoaldeaz hitz eginda, bertan jendetza biltzeko baldintzak ere aipatu beharra ditugu. Otalora kalea gauean oinezkoei mugatzeak, jai gunearen eta alde zaharraren arteko espazio hori segurtasunez erabiltzeko aukera eman zuen, eta erantzun positiboa jaso du” azaldu dute.

Haurrentzako jarritako puzgarriak ere berrikuntzen artean izan dira, barrakek utzitako hutsunea betetzeko. “Balorazio oso ona egiten dugu puzgarrien alternatiba proposatu izanagatik. Haur eta guraso asko ikusi ditugu joan-etorrian, eta, haur zein gazteek, asko eskertu dute ur parkea. Dena den, aurretiaz esan bezala, guraso talde eta eragileekin hitz egingo dugu haurren aisialdiaren inguruko balorazioa egiteko”.

Amaitzeko, Zeuk iñ zeuk jan ekimena Portaloira itzuli izana “oso ondo” baloratu izana nabarmendu dute udal ordezkariek. “Eguzkiak gogor jo bazuen ere, bertaratu ziren herritarrek asko eskertu zuten bazkari herrikoi autogestionatua Portaloira itzuli izana”.

Ez da aktibatu protokolo feministarik

Jaiek iraun duten bitartean arretarako telefonoa eta arreta puntua izan dira eraso matxisten aurrean babesa eta erantzun azkarra emateko. “Ez da esku hartzerik egon, eta horrek balorazio positiboa egitera garamatza”.

Zoritxarrez, egunotan hainbat ezbehar ere izan dira herrian. “Bi heriotzaren berri izan dugu egunotan, biak indarkeria zantzu gabekoak, baina mingarriak berdin-berdin. Gure doluminak senide eta lagunei”. Bestetik, sare sozialetan birala egin den bideo bat ere izan da bolo-bolo, komentario arrazistei eta matxistei lotuta. “Garrantzitsua da bideoak sare sozialetan zabaldu aurretik kaltetuetan pentsatzea, izan ere, arrisku handia dago kaltetutakoei ondorio psikologikoak eragiteko”.

Esker mezua eragileei, herritarrei eta udal langileei

Udal gobernuak, halaber, esker mezua nabarmendu nahi izan du jai hauetan lanean aritu diren eragile, herritar eta udal langileentzat. “Ezberdinen arteko elkarlanari esker izan dira posible San Juan jaiak. Kultur eragile, herritar eta udal langileei gure eskerrik beroenak”.

Azken horiei dagokienez, aipamen berezia egin die: “esker bereziak brigadari, kultura teknikariei, Udaltzaingoari eta garbitzaileei, egunotako lana itzela izan da, eta dagokion aitortza zor zaie. Gure eskerrik beroenak ere urte osoan lanean ari zareten kultura eragileei, elkarlanaren emaitza baitira San Juan jai hauek”. Azkenik, jaietan parte hartu duten herritar guztiak eskertu dituzte udal ordezkariek. “Arrasatek badu potentzialitatea gauza handi eta zoragarriak egiteko, aprobetxa dezagun! Gora Arrasate!”.

Balorazio sakonagoa datozen egunetan

Amaitzeko, balorazio sakonago bat abiaraziko du udalak datozen egun eta asteetan eragile guztiekin, ondo daudenak balorean jarriz, eta hobetu beharrekoak zelan hobetu jakiteko.