Udalak abian jarri proiektu berritzaile bat lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko

2021/01/29
Card image cap
11 lokalek hartuko dute parte. Negozio proiektuak panel batzuetan irudikatu dira, eta erakusleiho itxura eman. Modu horretan, erakusleihoan ikusi dezakegu lokal horretan zer jarduera garatu daitekeen, ideiak emate aldera merkataritzako proiektuak hasteko gogoarekin egon daitezkeen ekintzaileei.

Arrasateko Udalak pausu bat gehiago emango du herriko merkataritza ehuna babesteko: “Lokal hutsetan ekintzailetza sustatzeko proiektua” jarri du abian. Proiektu honetan udalak 17.000 euroko inbertsioa egin du. Zertan datza? Lokal hutsetan negozio eredu berriak proiektatu dira, kalearekin osagarriak direnak, ekintzaileek lokalaren balioa aintzakotzat hartu eta saltoki berriak abian jartzeko.

Udalak azaldu du: “udalak herriaren garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea jomuga estrategikoa denez, proiektua martxan jarri da Arrasaten merkataritza eta zerbitzu arloa indartzeko asmoarekin. Helburu bi nagusi ditu: alde batetik, alternatibak mahai gainean jartzea herriko lokaletan ekintzailetza proiektuak garatzeko, bertan egoki ezarri daitezkeen negozio ideiak ikusarazteko eta, bestetik, lokal hutsak balioan jartzea. Horren ondorioz, helburua da aukera piztea kaleak biziberritu, merkataritza sustatu eta udalerrian kalitateko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal bat izateko”.

Proiektua 2020an landu zen, lokalen jabeekin harremanetan jarrita. Guztira 16 lokalen jabeek eman zuten izena. Udalerriko erdialdean eta auzoetan San Andresen, Musakolan eta Erguinen. Lokalak aztertu eta bideragarritasuna ikusita, eta tartean lokalen bat alokatu zelako, azkenean 11 lokalek parte hartuko dute proiektuan.

Irailean lokalak bisitatu ziren, neurtu, eta ideiak proiektatzeari ekin zitzaion. Lokalen ezaugarrien arabera, kaleak zuen bizitza komertziala eta zerbitzuen beharra kontuan hartuta, osagarriak izan daitezkeen jarduerak proposatu eta landu dira.

Urte berriarekin proiektu horiek panel batzuetan irudikatu dira, eta erakusleiho itxura eman zaie. Modu horretan, erakusleihoan ikusi dezakegu lokal horretan zer jarduera garatu daitekeen, ideiak emateko merkataritzako proiektuak hasteko gogoarekin egon daitezkeen ekintzaileei.

Proiektu bereziak eta berritzaileak proposatu dira, lagundu dezaketenak herriko merkataritza suspertzen eta ekintzailetza sustatzen:

Brunch&cake (garbitegia: arropa garbitu bitartean eta zain zaudela, kafe bat hartzeko espazioa),  Gure geltokia (ekitaldiak egiteko aretoa), Fashion hemen (showroom, bertako moda diseinatzaileen topagunea), Artile (artilearekin lan egiteko denda tailerra), Kunkla (estanpazio tailerra), Erosketa (herrian egindako online edo telefono bidezko erosketa zerbitzu biltegia), Loving artisautza (leku hau diseinatuta dago Arrasateko artisautzaren munduari ikusgaitasuna emateko), Argi-tu (argi denda tailerra), WeARwork (coworking gunea), Lixar (gozoki denda), eta Etxe-home (etxerako apaingarrien eta osagarrien denda).

Erakusleihoan bertan zehaztu dira lokalaren ezaugarriak eta zer bide dagoen jabearekin zein udalarekin harremanetan jartzeko, interesdunek kontsultak egin ahal izateko.