Arrasateko erretiratuen etxeetako tabernak eta terrazak eta Abaroako etxeko Etxaluze ile-apaindegia irekitzeko baimena eman du Udalak
2020/05/27Arrasateko erretiratuen etxeetako tabernak eta terrazak eta Abaroako etxeko Etxaluze ile-apaindegia gaurtik, maiatzaren 25etik, irekitzeko baimena eman du Udalak. Betiere, segurtasun eta higiene neurri guztiak betez garatu beharko dute beren lana.
Etxaluze egoitzako taberna eta ile-apaindegia gaur, maiatzak 27, zabaltzen da. Musakolakoa ere. Toki Argi eta Erguineko zahar egoitzetako tabernak epe laburrean zabalduko dute.
Hori horrela, tabernen kasuan, jarduera berrabiaraziko da barruko espazioan eta terrazan. Bi kasuetan, gehieneko edukiera %50ekoa izango da, eta bi metroko tartea egongo da mahaien artean edo mahai multzoen artean. Establezimenduetan artatutako pertsonek eserita egon beharko dute beti.
Ile-apaindegiaren kasuan, lan honetan bezeroen eta profesionalen artean eman behar den hurbiltasuna kontuan hartuta, oso neurri zorrotzak hartu behar dira kutsadurak prebenitzeko eta segurtasuna bermatzeko, bai langileen kasuan, bai bezeroen kasuan.
Lan mota honetan COVID-19 kutsatzeko arriskua murriztera bideratutako prebentzio-neurriak honako hauetara bideratuta daude: bezeroen arteko segurtasun-tartea mantentzea eta higiene-neurriak ahalik eta gehien zorroztea.
Segurtasun-distantziari eusteko, aldez aurretik hitzordua hartzeko sistema bat ezarriko da, eta langile bakoitzeko bezero bakar batera mugatuko da, eta ezin izango da itxarote-eremurik egon.