Emakume Txokoak ikasturte amaierako topaketa egingo du ekainaren 7an

2024/05/30
Card image cap
Topaldi-jaialdia Emakume Txokoan izango da, 18:00etan.

Emakume Txokoak ikasturte amaierako topaketa antolatu du ekainaren 7an, arratsaldean, 18:00etan. Topaketa-jaialdi honetan itxiera emango zaio ikastaroetan eta tailerretan egindako lanari, festa giroan.

Jabetze eskolako ikastaro eta guneez gain hainbat ekimen antolatu dira plangintzan zehar: “Arnasa betean” filmaren aurkezpena eta proiekzioa; “Trapu Zikinak” antzerki emanaldia; “Ez dadin bizitza eten” hitzaldi-solasaldia… Egitaraua Zinegoak Hedapeneko laburmetraien emanaldiarekin itxiko da ekainaren 19an.

“Oraingoan, Jabetze Eskolara eta Emakume Txokoaren egitaraura hurbildu zaretenoi elkarrekin topo egitea proposatzen dizuegu,  tarte horretan egindako bidea ospatzeko eta partekatzeko” adierazi dute Emakume Txokoko teknikariek.

“Emakume Txokoan lanean jarraitzen dugu emakumeon* ahalduntzea sustatzeko eta elkarren arteko harremanak josteko. Bide horretan parte hartu duzuenoi, izan norbanako emakumeak*, izan talde eragileak,  eskerrak eman gura dizkizuegu eta antolatu dugun topaketan parte hartzera gonbidatu gura zaituztegu”.

Ikastaroetan landutako gaiak eta ezagutzak partekatuko dira topaketan, eta txalaparta doinuek eta antzerki eta dantza ikastaroetakoek ere jai giroa jarriko dute.

Gero, mokadutxoa izango da sortutako giroari jarraipena emateko, eta elkarrekin egoteko eta disfrutatzeko.

Topaketa Emakume Txokoan izango da, ekainaren 7an, 18:00etan. “Animatu zaitezte!” amaitu dute.