Arrasateko Udalak 730 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu urtarril eta otsail artean
2024/05/15Arrasateko Udalak iragarri du 730 zuhaitz eta zuhaixkatik gora landatu dituela 2024ko neguan. “Arrasate berdeago bat, jasangarri, ekologiko eta atseginago bat egiteko apustuarekin sartu ginen gobernura, eta horretan ari gara”.
Mota askotako zuhaitzak landatu dituzte, gehienak hirigunean, baina baita landa auzoetan eta industriaguneetan. “Erguin, Santa Marina, Musakola, Uribarri, Altamira, Garagartza, San Andres, Markulete… auzo guztietan landatu dira zuhaitzak”.
Halako lanak neguan egin ohi dira, udaberriaren atarian. Horregatik, lanak urtarril eta otsail bitartean egin dira.
Basotxoak eta berdeguneak
Zuhaitz landaketa handiaz gain, bestelako interbentzio txikiak ere egin dira, berdeguneak sortu eta haietan esku hartze berriak egin.
Txorkoetan berdegune txiki bi sortu dira azken hilabeteetan, “hirigintza atseginago eta jasangarriago bat eraikitzen laguntzen dutenak” adierazi dute udal ordezkariek. Halako interbentzioak egin dira Arrasate pasealekuan eta San Frantzisko eliza atzean. “Emaitza positiboa izan da, bai hirigintza ikuspegi jasangarri batetik, eta baita zuhaitzen garapen esparrua zaintzeko ere. Gure asmoa da horrelako interbentzio berriak egiten jarraitzea”.
Lehendik sortuta zeuden berdeguneetan “basotxoak” deituriko zuhaitz guneak sortu dira, besteak bete, Uribarrin, Musakolan eta Zerrajeran. “Horrelako basotxoak hiri biodibertsitatea handitzen laguntzen dute. Berdegune handietan zuhaitz eta zuhaixka multzoak egiten dira, zuhaitzetako batzuk fruitu jangarriekin, eta modu horretan, animaliak erakartzen dituzte, batez ere txoriak”.
Onura positiboak herrian
Zuhaitz eta zuhaixken landatzeak onurak besterik ez ditu ekartzen hiri eta herrientzat. Nazio Batuen Erakundeak praktika hori sustatzen du, besteak beste, “bizitoki jasangarriak eraikitzeko”.
Onuren artean, aurrez aipatutakoez gain, aipatzekoak dira airearen kalitatea hobetzea, zuhaitzek sortutako itzalek 2 eta 8 gradu artean hozten dutela tenperatura beroaldietan, eta baliagarriak direla osasun fisiko eta mentala hobetzeko.
Gaixo daudenak ordezkatu eta lapurretak ekidin
Zuhaitz berriak jartzeaz gain, Arrasate Udalak hilik edo gaixorik zeuden zuhaitz batzuk kendu behar izan ditu, baita gutxi batzuk kendu ere berrurbanizazio bat edo beste egiteko. “Herriko berdeguneen eta zuhaitzen zaintza etengabekoa da, eta horren eguneroko jarraipena egitea ezinbestekoa da. Horretarako, zuhaitzen egoerak ezagutzeko, txosten teknikoak eskatzen dira, eta txosten horiek identifikatzen dituzte zuhaitzak gaixorik edo hilik dauden, haiek kendu eta ordezkatutzeko aholkuekin” adierazi dute udal ordezkariek.
Horrez gain, udal gobernuak salatu du urtarrilean eta otsailean landatu dituzten 730 zuhaitz eta zuhaixketatik batzuk lapurtu egin dituztela. “Zuhaitz batzuk lapurtu egin dituzte gune batzuetan, eta, beste batzuk, apurtuta agertu dira. Azken kasu horren adibidea da Santa Barbarakoa, landatu ziren zuhaitzetatik gutxi batzuk besterik ez dira zutik geratzen”. Udal ordezkariek ardura eskatu dute “guztion jabetzakoak diren berdeguneak” errespetatu eta zaintzeko.