Ekainak 28: LGTBI+ Harrotasunaren nazioarteko egunaren adierazpen instituzionala

2024/06/27
Card image cap

55 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpenaren aurrean antolatu eta planto egin zutenetik:

Gertakari haien ondoren ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko ere.
10 urte geroago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa Maria (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabestia izateagatik. Ekainaren 28 hartan LGTBI pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten lehengo aldiz, beren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatzeko.

Historiak erakutsi digu ikusgaitasuna urrats garrantzitsua dela, izendatzen ez dena ez dela existitzen, horregatik legealdi honetan Berdintasun sailaren izena aldatu eta Arrasateko Udalean lehenengo aldiz LGTBI+ politikak garatzeko erabakia hartu dugu, LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatu ditugu.

Sexu eta genero aniztasunaren ikusgarritasunak aukera ematen digu gizarte gisa aurrera egiteko. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberastea ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.

Jakin badakigu sexu eta genero aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, hein batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik eta loturarik gabe, aurreiritzirik eta estigmarik gabe, bizi ahal izateko komunitatea eraikitzeko. Babes keinu bakoitzak, ikusarazte ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.

LGTBI+ pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan, daukagun konpromiso politikoa adierazi nahi dugu. Hitzetatik haratago, gure konpromisoa, politika zehatzetan islatzea nahi dugu. Horregatik, Arrasateko Udalak, lehenengo aldiz, aurrera pausuak eman ditu LGTBI+ kolektiboarekin daukagun zor historikoa kitatzeko, eta, horretarako, baliabide tekniko eta ekonomikoekin, mugimendu feminista eta LGTBIko ordezkari eta adituekin, lehenengo pausuak eman ditugu ildo politiko berri hau adosteko eta garatzeko:

Honegatik guztiagatik:

  • LGTBI eta gizarte eragileekin koordinatuta, diagnostiko bat garatuko dugu Arrasate LGTBI+ kolektiboaren errealitatearen argazkia zein den jakin eta bizi baldintza duinak bermatzeko, talka plan berezi bat diseinatu eta garatuko dugu.
  • Arrasateko Udalak, ekainaren 28an, LGTBI+ Harrotasun eguneko ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak. Espazio publikoa kolorez eta aldarrikapenez betez, Arrasate berdinzaleago eta askotarikoagoa izan dadin.
  • Herritar guztiei dei egiten diegu diskriminazio modu guztiak baztertzeko eta LGTBI mugimenduak gure herrian deitutako manifestazio eta ekitaldi guztietan parte hartzeko.