Jaizale jabetza publikokoa izango da aurrerantzean, Gorripideak Arrasateko Udalari dohaintzan eman ostean

2024/10/15
Card image cap
Dohaintzaren baldintza bakarra, honen erabilera, proiektu sozialetara bideratzea izan da. Maider Morras alkateak eskerrak eman eta lokala “Arrasateko ehun soziala indartzeko” baliatuko dela adierazi du.

Gorripidea elkartearen jabetzakoa zen Jaizale taberna Arrasateko Udalaren jabetzakoa izango da aurrerantzean. Dohaintzan eman dio Gorripideak Arrasateko Udalari. Jabetzaren eskualdaketa sinatzeko bildu ziren aurreko astean Juan Ramon Garai, Gorripideako ordezkari gisa, eta Maider Morras Azpiazu, Arrasateko alkatea.

“Gorripidearen helburua izan da urte luzez espazio politiko, sozial eta komunitariorako aukera eman duen lokala, proiektu sozialei lotuta jarraitzea, eta, horretarako, Arrasateko Udalari doan ematea lehenetsi dugu, Udalak ondoren, proiektu soziala garatu ahal izateko” adierazi du Juan Ramon Garaik, Gorripideako ordezkariak.

Arrasateko alkateak, bere aldetik, esker mezua helarazi nahi izan du. “Eskerrak ematea arrasatearron izenean Gorripideari, espazio hau herriari eskuzabaltasunez eskaintzeagatik. Epe motzean irekitzea zaila izango da, irisgarritasuna bermatzeko obrak beharko dituelako, baina etorkizunean Arrasateko ehun soziala indartzeko baliatuko da Jaizale”.

Jaizale