Herritarren ataria, Udal tramiteak online egiteko aukera samurra
2018/03/09Udal tramiteak egiteko orduan, herritarrari erraztasunak emateko ahaleginetan, Udalak Herritarren Ataria prestatu du, non tramite garrantzitsuenak gauzatzeko aukera dago.
Berrikuntza handiena identifikazio sisteman datza, GiltzaON sistema ezarri baitu Udalak. GiltzaOn-en abantaila nagusia da pasahitza sistema bat dela, eta hortaz, ez direla beharrezkoak ez irakurgailurik edo programa berezirik gure ordenagailuetan.
GiltzaOn sistemari ezker, edozein gailuan identifikatzeko aukera izango dugu: telefonoa, tableta, PCa…
GiltzaON identifikazio sistema, Izenpek (Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin lotura duen ziurtapen enpresak) garatutako sistema da, B@KQ zerbitzuaren bitartez, eta horrela izanda GiltzaON-ek beste hainbat erakundeekin tramiteak online egiteko aukera ematen du: Osakidetza, Ogasuna…
GiltzaOn sisteman alta emateko, BAZera joan behar da behin, gakoak lortzeko. Martxoan zehar bulego berezia ireki da prozesu honetan laguntzeko, eta Herritarraren Atariari buruzko azalpen sakonagoak emateko BAZen. Bertan GiltzaON sistema eskuratzen dutenen artean, Arrasateko produktuz osatutako otar bat zozketatuko da hilaren bukaeran.
GiltzaOn ere KZGunean lortu daiteke. Hainbat ikastaro antolatu ditu Udalak KZGunearekin elkar lanean tramiteak online egiten ikasteko, eta apiriletik aurrera martxan egongo dira ikastaroak.
Udalak, bere zerbitzu guztiak herritarrari hurbiltzeko asmoan beste pausu bat da Herritarren Ataria, kirol zerbitzuak eskaintzen dituen kirolaonline.arrasate.eus plataforma edo mugikorretarako ArrasateOn app-a bezala.