Arrasateko Udal Bibliotekak 12.000 bazkide baino gehiagorekin itxi zuen 2021a
2022/04/19Arrasateko Udal Bibliotekak 12.604 bazkiderekin amaitu zuen pasa den urtea. Datu hori hartuta, Arrasateko biztanleriaren %58a da Bibliotekako bazkide. Zifra horretatik 10.569 16 urtetik gorako herritarrak dira, 1.935 haur eta gazteak eta 90 erakundeak.
Dena den, 2020an bazkide gehiago zeuden; izan ere, Liburutegi Zerbitzuak 2021. urtean udal biblioteka guztietako bazkideen garbiketa egin zuen eta azken 10 urteetan mailegu zerbitzua erabili ez zituzten bazkide guztiak ezabatu zituen. Horren
Nahiz eta bazkide gutxiago izan kopuruari dagokionez, goranzko joera mantendu zuen 2021ean. Duela bi urte 300 bazkide berri inguru egin ziren, eta pasa den urtean, aldiz, 400.
Kulturateko zein Santa Marinako Biblioteketan guztira 72.708 dokumentu daude; %91a Kulturaten (66.403). Hainbat lekutan, dokumentu monografikoak, aldizkariak eta bideoak dira gehien nabarmentzen direnak; gutxien, aldiz, musika eta katalogatu gabekoak.
Kopuru total horretatik, 3.485 dokumentu berri sartu ziren 2021ean hainbat Biblioteketan: 2.569 monografikoak, 483 aldizkari, 305 bideo, 126 musika eta bi katalogatu gabe.
Mailegu zerbitzuari dagokionez, 2021ean mailegua suspertu egin zen, eta 42.500 dokumentu mailegatu ziren. Bazkideen %30ak mailegu zerbitzua erabili zuten, eta egunero bataz besteko 155 dokumentu mailegatu ziren.
Bestalde, pasa den udan ‘Biblioteka etxera’ mailegu zerbitzua martxan jarri zen. Helburua da liburutegira gerturatzeko zailtasunak dituzten pertsonei liburuak eta bestelako materialak etxeraino eramatea. Zerbitzua egonkortu arte, 80 urtetik gorakoak edo mugikortasun arazoak dituzten herritarrak dira onuradunak. Zerbitzua martxan jarri zenetik, bederatzi pertsonek eman dute izena, eta horietatik bik eskatu dute liburuan maileguan. Banaketak astean behin egiten dira, momentuz.
Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eLiburutegia plataformari dagokionez, asko hazi eta hedatu da pandemiaren ondorioz. 2020an gorakada handia izan zuen, biblioteka itxita egon zen hilabeteetan bultzada handia eman zitzaiolako. 2021ean erabilera jaitsi arren, zerbitzua egonkortu egin zen. Plataformak 35.500 dokumentu eskaintzen ditu.