Zigarrolak haur parke berritua estreinatu du uda honetan
2018/09/06Arrasateko haur parkeak biziberritzeko apustuak beste pauso bat burutu du uda honetan. Nao Santiago kaleko jolas gunean hainbat berrikuntza egin ditu Udalak, espazio hori herritarren eta bereziki haurren behar eta nahietara egokituz.
Aipatu jolas gunea berritzeko, lehiaketa publiko bat abiarazi zuen Udalak urte hasieran eta guztira 10 enpresen proposamenak jaso zituen. Baldintza pleguek jasotako irizpideetan oinarrituta, aurkeztutako proposamen guztien egokitasuna aztertu zuen Udalak eta haur parkeen eraikuntzan eta egokitzapenean aditua den Sumalim enpresari esleitu zizkion aipatu parkea eraberritzeko lanak.
Horiek horrela, jolas gunearen eraberritze lanak uztailean amaitu ziren eta Arrasateko haurrek beren aisiaz gozatzeko aukera berriak dituzte geroztik. Lan horien baitan, bata bestearen ondoan baina bereizita dauden bi jolas gune berritu dira. Guneetako batek matxinsalto itxura duen txirrista du protagonista. 206 metro karratuko gune honetako beste berritasun bat family zabua da. Zabu honek, haurtxo txikiekin kulunkatzeko aukera ematen du. Aldameneko 133 metro karratuko guneko berritasun nagusia, berriz, mega swing zabu oszilatzailea da. Haur parkeak, gainera, jolas anitzetarako egiturak ere baditu, besteak beste.
Udalak adierazi duenez, lan horiez gain, inguruko hesia ere berrituko duela laster, parkearen segurtasuna areagotzeko.
Esan bezala, Nafarroako Sumalim enpresak izan du lanak aurrera eramateko ardura eta guztira 82.300 euroko inbertsioa egin da jolas gune honetan.
Azken hiru urteetan, Udalak, Gorostizako parkea estali du eta Munar, Zaldibar, Biteri eta Nao Santiagokoa berritu ditu. Urte amaiera bitartean, gainera, San Andreseko Kurtze Txiki jolas parkea berritu eta Itxaropena parkea estaltzea aurreikusi du. Eraberritze eta egokitzapen lan horiek guztiek helburu dute haurren aisialdirako jolas gune eta aukera berriak eskaintzea, herriko parkeak egungo behar eta garaietara egokituz.