150.000 euro tituludun berrientzako bekak sortzeko eta herriko langabeak kontratatzeko
2015/09/28Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eta SAIOLANeko zuzendari Joseba Sagastigordiak “Titulatu berrientzako beken programa eta Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak” aurkeztu dituzte gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Ubarretxena alkateak adierazi duenez, “programa hauek Arrasateko gazteei eta herriko langabeei ere laneratzeko aukerak zabaltzea dute helburu”, hau gehituta: “enplegua, ekintzailetza sustatzea eta enpresa berrien sorrera dira eta izango dira hurrengo lau urteetan Arrasateko Udaletik hartzen dugun konpromiso irmo eta sendoa”.
Saiolaneko zuzendari Joseba Sagastigordiak azaldu duenez, “DEBAGOIENA ERALDATZEN proiektuaren garapenak, Saiolani Arrasateko tituludun berrientzako enpresak identifikatzeko aukera eman dio. Identifikazio lan honetako emaitza bezala, DEBAGOIENA ERALDATZEN proiektuan parte hartu duten 30 enpresa ingururekin harremanetan jarri gara eta horietatik 15 proiektu definitzea lortu da pasa den urtean”.
Arrasateko eta inguruko enpresei egin diete deialdia Ubarretxenak eta Sagastigordiak, esanez “programa hauek aurrera ateratzeko enpresa munduko eragile guztien inplikazioa behar dugu eta enpresei gonbitea luzatzen diegu programa hauetan parte har dezaten tokiko garapenaren alde”.
Tituludun berrientzako beken programa
“Arrasateko Tituludun Berrientzako Bekak” programak Arrasateko tituludun berriei bekak ematean du xedea, ikasketak burutu ondoren eskualdeko enpresetan praktikak egin ditzaten, eta, ahal bada, Arrasateko enpresetan.
Programarekin gazte tituludun berrien ekarpena bertako enpresetan geratzea sustatu nahi du Udalak.
Hori gauzatzeko, Debagoiena Eraldatzen programaren baitan sektore desberdinetako enpresa batzuei egiten ari zaien diagnosia hartuko da oinarritzat, enpresa horien premiak ezagutzeko.
Ondoren, antzemandako beharren soluziobidea izan daitezkeen proiektuak formulatuko dira. Tituludun berriek burutuko dituzte proiektu horiek enpresentzat.
Programarako gehienez 50.000€ erabiliko dira, eta ezarritako diru kopurua agortutakoan bukatutzat emango da programa.
2014an jarri zen martxan estreinakoz programa hau, eta bertan 12 tituludun berrik parte hartu zuten, inguruko beste horrenbeste enpresetan proiektu bana garatzen; proiektu bakoitzaren garapenak 6 hilabete iraun zuen, eta 800€-ko beka ordaindu zien hileko Arrasateko Udalak bakoitzari.
2014an 50 bat gazte arrasatearrek eman zuten izena tituludun berrien poltsan, eta hortik 12 aukeratu ziren beste horrenbeste enpresetan proiektu bana garatzeko, beka baten sostengu ekonomikoarekin. Bai tituludun gazteek, bai parte hartu zuten enpresek, oso ondo baloratu dute programan parte hartu izana.
2014ko proiektuak enpresa bakoitzaren beharren araberakoak izan ziren:
Ingeniaritzakoak:
- Segurtasuneko sarraila bat diseinatzea eta fabrikaziorako prestatzea.
- Klimatizazio sistema baten bideragarritasuna aztertzea
- Termografia bidezko mantenu sistema baten prototipoa ezartzea
- Bioteknologiarako mikro tresnen diseinua eta fabrikazioa
- Gatzaren ekoizpena: prozesuaren definizioa eta ekoizpenaren antolaketa.
- IKTen bidezko soluzioen garapena
Komunikazioa eta marketina:
- Marketina eta komunikazioa online
- Aldizkari digital baten diseinua eta marketina
- Web orriaren diseinua
Zerbitzuen antolaketa
- Formaziorako material didaktikoen birdefinizioa
Produktu zehatzen bideragarritasuna aztertzea.
- App baten merkatu azterketa
- App baten merkatu azterketa
Bekadunen titulazioari dogokionez, hau izan zen banaketa:
- Ingeniariak 6
- Komunikazioko gradudunak 2
- Zuzenbideko gradudunak 1
- Enpresagintzako gradudunak 1
- Goi mailako Formakuntza Ziklodunak 2
- Informatika 1
- Nazioarteko marketina 1
2015eko tituludunen poltsan izena emateko epea 2015eko urriaren 30 arte dago irekita. Interesatuei gomendatzen zaie lehenbailehen izena ematea tituludun berrien poltsan, proiektuak identifikatu ahala egingo baita aukeraketa, une horretan poltsan daudenen artean. Informazio gehiago, Udal tramiteen orrian bertan.
Bestalde, bertako enpresei gogorarazi nahi zaie programa honetan parte hartu dezaketeela. Horretarako Saiolanekin harremanetan jarri beharko dira 2015eko urriaren 15a baino lehen, euren proiektuen xehetasunak azaltzeko. Proiektua programarekin bat etorriz gero, tituludun berri bat esleituko zaio enpresari; tituludunak, berriz, Udalaren beka eskuratuko luke, gehienez 6 hilabetez, eta Saiolanen tutoritzapean egingo luke lan proiektu horretan.
Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak
Diru laguntza hauen helburua da Arrasateko enpresetan herriko langabeen kontratazioa sustatzea. Diruz lagunduko diren lan kontratuak gutxienez 6 hilabetekoak izango dira, egun osoko lan jardunekoak, 50 langile edo gutxiago dituzten Arrasateko enpresetan; kontratatutako langabeak Arrasaten erroldatuta egon behar dira, gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik. Enpresa onuradunak 2.250 €ko diru laguntza jasoko luke kontratu bakoitzagatik.
Programa honetan gehienez 100.000€ erabiliko dira, eta ezarritako diru kopurua agortutakoan bukatutzat emango da programa.
Programa hau ere 2014an jarri zen martxan lehenengo aldiz, Udal Enplegu Sustapeneko Planaren baitan. Herriko 11 enpresari eman zitzaien diru laguntza lehen edizioan, eta guztira 12 pertsona kontratatu ziren.
Guztira 12 kontratu diruz lagundu ziren 2014an; 11 enpresatan egindako kontratuak izan ziren, jarduera ezberdinekoa:
- 2, tabernak
- 2, galdaragintzakoak
- 1, instalazio elektrikoak
- 1, Hortz klinika
- 4, dendak
- 1, mezularitza enpresa
Kontratatutako pertsonen profila:
- 1, sukaldaria
- 1, zerbitzaria
- 1, higienista hortz klinikarako
- 5, dendako saltzaileak
- 1, elektrikaria
- 1, adm. laguntzailea
- 2, soldatzaileak
2015eko edizioa irekita dago. Eskaerak 2015eko azaroaren 30a arte aurkeztu daitezke; 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko kontratuak izan behar dira, 6 hilabetekoak gutxienez, eta egun osoko jardunean. Informazio osagarria, tramitearen orrian.