Amaituta Arrasate Herri Eskolako Erguin eraikineko jolas parke pedagogiko berriaren lanak.

2024/04/04
Card image cap
Parke pedagogikoak askotariko elementuak izango ditu haurren heziketarako

Dagoeneko amaitu dituzte Arrasate Herri Eskolako Erguin gunearen patioa berritzeko lanak. Arrasate Herri Eskolaren proposamenari tiraka abiatu zen patioa berritzeko proiektua, orduko patio erabilera aldatzeko helburuarekin. Lanak 2023ko abenduan hasi ziren. 

Proiektuaren helburu hezitzaileak

  • Osasunaren Sustapena eta Ingurumen Hezkuntza

Espazio naturalizatuagoak sortzea; besteak beste, espazio berdeagoak, naturarekiko kontaktuan.

  • Hezkuntza inklusiboa

Jarduera ludiko eta sortzaileetarako aukera emango duten espazioak sortzea, jolas libre eta partekaturako erronkak eskainiko dituztenak, eta, modu horretan, ikasle guztien parte hartzea ahalbidetuko dutenak.

  • Berdintasunerako hezkuntza

Harreman parekideagoak sustatuko dituzten espazioak sortzea, jolaserako eta jardueretarako aukerak dibertsifikatu eta gatazkak modu positiboan kudeatzeko, erantzunkidetasuna umeen zaintzan sustatzeko, eta jolasak dibertsifikatzeko.

  • Ikaskuntza soziala /espazio komunitarioak

Erabilera ludiko askotarako aukera emango duten espazioak sortzea, komunitatea osatu ahal izateko eskola orduetan zein eskola orduetatik kanpora, auzo hezitzaileetako ekipamendu ireki gisa.

Patioaren elementu pedagogikoak

Patio berriak helburu pedagogikoek ezarritako elementu ezberdinak ditu. Eremurik handiena mugimendu eremuak hartzen du, eta askotarikoak dira bertan aurki daitezkeen jolaserako elementuak. Besteak beste, akazia enbor bertikalez sortutako labirintoa aurkituko dute haurrek, espazioaren pertzepzioarekin jolasteko. Kautxuzko tontorrak ere jarri dira, aktibitatearen intentsitatea gradualki handitzeko. Oreka jolas inguratzailea da beste jolasetako bat, akaziazko enborrez osatutako jolas eremua da, enborrak modu horizontalean elkarren gainean pilatuta, haurren oreka eta gihar ezberdinak lantzeko. Hain zuzen, oreka lantzeko beste jolasgune bat da 2x2 metroko sare bertikalaz osatutako jolas bertikala. Salto saltorako eremua ere sortu dute patio berrian, tranpolin borobil batez osatuta eta taldean jolasteko zabu batez lagunduta.

Esplorazio eremuak bilatzeko, antzoki bat jarri da, garapen artistikoa sustatzeko, eta pinu azalez osatutako espazioa sortu da irudimena lantzeko, eraikuntza edo bestelako jarduerak egiteko.

Gune sinbolikoa ere sortu da hondar gunearekin. Silize harearekin jolasteko, krater bat sortu da, mahaiekin hornituta, talde lana sustatzeko elementu erakargarriak dira. Material natural eta sinple horrekin helburua da ukimena, sormena, komunikazioa eta talde kohesioa sustatzea.

Aktibitate fisikoa sustatzeaz gain, lasaitasunerako elementuak ere ezarri dira. Mugimendu eremuarekin uztartzen diren atsedenerako elementuak jarri dira, taldean egoteko edo norberak atseden hartu dezan, eta piknik mahaiez osatutako aire libreko ikasgela sortu da.

Amaitzeko, bioaniztasunaren eremua ere bilakatu da Erguin eraikinaren patioa. Loreontzi jarraian landatu diren landare usaintsuek erakarriko dituzten txori, tximeleta eta abarrek bertan izango dute intsektuen hotela eta txorientzako habia. Horrela, espazio hori gune lasaia izango da haurrentzat, modu seguru batean behatzeko eta naturarekin konektatu ahal izateko.

Elkarlanaren emaitza

Oinarrizko proiektu honen beharra CEIP ARRASATE HERRI ESKOLA HLHI eskolako Lehen Hezkuntzako eraikinean garatu da, eta, hortaz, proiektu honen sustatzailea Arrasateko Udala izan da, Eusko Jaurlaritzaren finantziazioarekin. Aurrekontua 120.908,89 eurokoa izan da BEZ barik, eta 146.299,76 eurokoa, BEZa barne.

IMG_2253.JPG

IMG_2254.JPG

IMG_2255.JPG

 

IMG_2259.JPG

IMG_2262.JPG

IMG_2268.JPG

IMG_2280.JPG

IMG_2281.JPG

IMG_2285.JPG

IMG_2288.JPG

IMG_2289.JPG