Sanjuanetan, erabat kulturaren alde
2021/06/09San Juan eguna gerturatzear, udalak egitarau kultural zabala antolatu du jai egunetarako, jaien antolakuntzan ibili ohi diren eragileekin elkarlanean. Mota guztietako 20 ekitaldi izango dira aukeran, adin tarte guztiei zuzenduak.
Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak nabarmendu du “San Juan jairik ez dugu izango, baina bai kultura ekitaldi ugari herritarren gozamenerako. Apustu argia egiten ari gara kulturaren alde. Sektoreak une zailak bizi ditu mugikortasun eta gizarte harremanak izateko dauden mugen ondorioz, eta Arrasateko Udalak beti egin du agenda kulturala mantentzearen alde, eta egoera epidemiologikoak hobera egin duenetik, geroago eta ekintza gehiago antolatzen ari gara. Sanjuanetan ere hala egingo dugu, beti arduraz eta prebentzio neurri guztiak betez, eta dei egiten diet herritarrei hala jokatu dezaten, arrasatear guztion osasuna bermatzeko” azpimarratu du.
Zinegotziak agerraldia baliatu du eragileei eskerrak emateko: “Eragileak dira gure herriaren motorra. Eragile guztiei eskertu gura diet egun hauetarako zein urte osoan egiten duten lana eta ahalegina, bereziki San Juan jai egun hauetako kultura egitarauari edukia eta forma emateko. Elkarlana Arrasateren ezaugarria da, baita aurtengoa ere”.
Egitaraua ekainaren 19an hasi eta 26an amaituko da, eta ekintza guztietan segurtasun neurriak zorrotz beteko dira: ekintzetarako edukierak mugatuak izango dira, eta ezinbestekoa izango da higiene eta prebentzio neurri guztiak betetzea.
Hona hemen egitaraua:
- Ekainaren 19, zapatua
- 19:00 Amaia antzokian ikuskizuna: Antton Telleria “Nekatutak”.
- Ekainaren 20, domeka
- 12:30 San Frantzisko elizan Txorbelaren kontzertua.
- 18:00 Amaia antzokian Pandero jaialdia. Partaideak: Neomak, Elizagoien ahizpak & Oses-Leuza anaiak, Izer eta Eneko Dorronsoro, Khami eta Amak. Antolatzailea: Arrasateko Trikitixa eskola.
- Ekainaren 21, astelehena
- 19:00 Kulturateko areto nagusian Laburbira emanaldia. Antolatzailea: AED.
- Ekainaren 23, eguaztena
- 12:30 Monteazpiko Terrazan txupinazoa eta mikro irekia.
- 19:00 Monteazpiko Terrazan Kontzertua: Rebel Noise, LC.
- 19:30 Udalaxpe txistulari elkartearen kalejira.
- 22:30 Herriko plazan San Juan bezperako ekintza: Errementari dantza. Gora Arrasate eta San Juan ereserkia.
Ikusleen edukiera oso mugatua. Udalaren webgunean izena ematen dutenen artean 45 jarleku zozketatuko dira. Izenematea egingo da ekainaren 14tik 17ra.
Emanaldi hau zuzenean ikusi ahal izango da Goitb eta Goiena.eus-en
- Ekainaren 24, eguena
- 10:00 Udalaxpe txistulari elkartearen kalejira.
- 11:00 Arrasateko Garinband taldearen kalejira.
- 13:00 Monterron parkean Itzulera ekitaldia. Partaideak: Arrasate Musikaleko banda, Garinband taldea, Arrasateko Gaiteroak, Lore Gazteak dantza taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea eta Erraldoi eta kilikien konpartsa.
Edukiera mugatua Sarrerak eskuragai: Amaia antzokiko leihatilan ekainaren 21 eta 22an Ordutegia: 18:00-20:00.
- 17:00 Gaztetxean Mus txapelketa.
- 19:00 Monteazpiko Terrazan kontzertua: Ekiñe, Nhil.
- Ekainaren 25, egubakoitza
- Eguzkilaru eguna Txatxilipurdiren eskutik.
- 10:30-14:00 Monterron parkean jolas eta ekintza ezberdinak.
- Egun osoan zehar herrian zehar modu autonomoan, lagunekin zein familian ginkana egiteko aukera. Hasiera lekua Biteriko plazan izango da.
- Gaztetxoenentzako kale scape rooma herriko plazatik abiatuta.
- 12:00 Monteazpiko Terrazan marianito musikatua.
- 12:30 Arrasateko Trikitixa eskolaren kalejira.
- 19:00etan Monterron parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Amaren Intxaurrak” ikuskizuna.
Edukiera mugatua. Sarrerak: Txatxilipurdin.
- 20:00 Monteazpiko Terrazan kontzertua: Bordan Bizio, Txerrikumeak.
- Ekainaren 26, zapatua
- 13:00 Seber Altube plazan Bertso saioa: Oihana Iguaran, Manex Agirre, Xabi Silveira eta Ane Beloki. Jai jartzailea: Imanol Artola “Felix” Sarrerak: AEDn.
- 19:00 Monteazpiko Terrazan kontzertua: Perlata, The Clayton.
Argazki rallya izango da Artgazki elkarteak antolatuta.