Udal gobernu taldeak ‘2023-2027 Gobernu Plana’ aurkeztuko du datorren otsailaren 19an

2024/02/15
Card image cap
2023-2027 Gobernu Planak 70 proiektu estrategikotik gora aurreikusten ditu lau lan ildo nagusitan.

2023-2027 agintaldirako plana prest du Arrasateko Udalak, eta gobernuko kideek hau bera aurkeztuko dute datorren astelehenean, hilak 19. Dagoeneko etxeetara banatu dute Gobernu Planaren ideia nagusiak jasotzen dituen liburuxka, legegintzaldian egin asmo duten proiektu eta ekimenen berri emateko.

Plana publiko egitea “gardentasun ariketa” gisan kokatu dute udal ordezkariek, modu honetan, herritarren jarraipena egin ahal izango diotelako “plangintzaren betetze mailari”. Izan ere, udal ordezkarien esanetan, “dokumentu hau, gida bat baino, herriarekin sinatu nahi den hitzarmena da; adostasunetik, elkarlanetik eta auzolanean gauzatzeko proiektua izan dadin. Udala guztion eskura izateko, gertukoa eta entzuten dakiena, parte hartzailea. Aurrera egiteko eta herri hobea izateko, ezinbestekoa izango delako Udalaren, herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza indartzea”.

70 proiektu estrategikotik gora, 4 ildo estrategikotan banatuta

“Guztion Arrasate” lortzea helburu eta izenburua duen planean aurkeztu dituzte 70 proiektuetatik gora. Proposamen guztiak lau ildo estrategiko ezberdinetan banatzen dira.

Lehen bloke nagusia “Gobernantza hurbila eta eraginkorra” lortzeko lan ildoa da, gobernantza eredu parte hartzaileago bat lortzeko espazioak eta bitartekoak sortzeko proposamena egiten duena. Udalak dituen baliabideen eta antolaketa ereduen inguruko hausnarketa eta lanketa ere proposatzen ditu, hauek eguneratu eta eraginkortasuna bilatzeko.

Hirigintza ereduak egunerokoan eta mugikortasunean duen eragina berrikusi eta Arrasate eroso eta irisgarri bat egiteko proposamenak ere jaso ditu Udalak “Bizitzeko Herria” deitu duen lan ildoaren barruan. “Etorkizuneko Arrasateren hirigintza definitu eta errealitate bilakatzeko abiapuntua izango dena”.

“Oinarri komunitarioa duen herria” lortzeko helburuak ere proposamen andana jasotzen ditu. Herritarren arteko aukera berdintasuna eta askatasuna bilatzen duen lan lerro honek, komunitate saretu baten helburupean definitzen ditu bere proiektuak.

Azkenik, “Herri aktibo eta ekintzailearen” blokeak, herri bizi bati erantzuten dioten ekimenak jasotzen ditu, eragile ezberdinen arteko elkarlan eta sinergiak aktibatzeko baliatu nahi dituzten proiektuak.

Aurkezpenak aurrez aurre eta auzoz auzo 

2023-2027 Gobernu Plana aurrez aurre aurkeztu nahi du Udalak. Horretarako aste osoan zehar aurezpenak antolatu ditu auzoetan.

Aurkezpen nagusia otsailaren 19an izango da, Kulturateko Klaustroetan, 18:00etan hasita. Aurkezpen hau Erdiguneko bizilagunentzat izateaz gain, herriko eragile sozial, ekonomiko zein kultur eragileentzat ere izango da. Aurkezpenean Udal Gobernu osoak parte hartuko du, eta azalpenaren ostean, gobernukideekin solasaldi txikiak egiteko aukera izango da.

Asteartetik aurrera, hilak 20, gainerako auzo guztietara joango da Udal Gobernua planaren berri eman eta auzotarren iritzia entzutera. Asteartetik ostiralera, honako hauek izango dira hitzorduak:

  • SAN ANDRES: Otsailak 20, asteartea, 18:00etan Etxaluzen
  • MUSAKOLA: Otsailak 21, asteazkena, 18:00etan Jubilatuen Etxean
  • SANTAMARINA: Otsailak 22, osteguna, 18:00etan Auzo Alkatetzan
  • ERGUIN: Otsailak 23, ostirala, 18:00etan Auzo Alkatetzan

Kartela3.jpg